martes, 6 de marzo de 2012

Aratusteak, "Ai Amatxo!"


Aratusteak ez dira ez Corte Ingles edo Bazar Txinatarren asmakizun bat, historia handiko festak dira gurean. Horren adibide, aurreko ostegunean herriko kaleetan ikusitakoa. 2011ko aratustetako kontzertuan berreskuratutako tradizioek, herritarrak txunditu zituen, eta aurten kalera bueltatu dira. Bergararrok berriz ere Ostegun-gizen eguna ospatu genuen, gazte zein helduek, tradizioez disfrutatu genuen.
Kontzertuari helduz, erronka handia zen aurtengoa. Hunkigarria harmailen irudia eta izugarria denbora gabe eta talde ez profesional batek lortutakoa. Dena primeran atera zen. Eskerrik beroena zaleei eta hilabeteetako lanarekin musika, antzerkia eta dantza elkartzen dituen musikala posible egin dutenei beste urte batez.
Aurtengoan ere 4 buru horiei herritar zein kanpotar artisten laguntzaz osatutako 180 lagunen lan eta ilusioa batuz, mugarik ez dugula erakutsi dugu. Zorionak! Esperientzia berria zen askorentzat, baina elkarlanak ikuskizun borobil bat aurkeztea ahalbideratu zigun. Plazer bat, benetan, izandako taldearekin lan egitea.
Lana eta ilusioa elkarlanarekin batuz dena lortu daitekeenez, zergatik ez gure metodologia jarraitu? Hasiera guztiak dira zailak, ez da etsi behar, hesiak saihestu eta eman bidea imajinazioari! Ez ahaztu.

Errealitate gordina


Opor kontuak ahaztuta, egunerokora ohitu gara. Bazirudien egoera hobera zihoala, baretzen hasia zela; pentsa, eguzkia ere irten zen bi astez jarraian. Ametsak amets, errealitatea bestelakoa da. Honek ez du amaierarik, epe motzera behintzat. Udalak itota, diputazioak zuloz josita eta estatua zutik mantentzeko arazoekin. Atenasko akropolia jada ondoratze bidean da, ikusiko dugu Alcalako atearekin zer gertatzen den …
Bata bestearen aurka gaizki esaka aritzen diren horiek behingoz lanean hasiko balira, orain gauza hauek kontatzen arituko ez nintzatekeelakoan nago. Baina tira, seguru nago udako bizipen eta momentu zoragarriak gogora ekarriz, arazoei aurre egiteko beharrezko indarra aterako dugula.
Itxaropentsu etorkizunera begiratu beharra daukagu, ziur nago eta, eguberriek albiste pozgarriak ekarriko dizkigutela, mahai inguruan ospatzeko. Bitartean, segi borrokan, eta asko eskatzea ez bada, aurrezten saiatu. Baina argi ibili murrizketa garai hauetan, Sarrionandiari saria ere kendu zioten eta … auskalo zertan gastatzeko.

2011 UDA


Gogoz eta ilusioz hasi dugu uda, urte osoko lanaren ordainsaria jasotzeko asmoz.

Kostata izan bazen ere, Pazkoak iritsi ziren, aurtengoak ere, mundialak. Errekuperatzeko denborarik gabe, San Juanak gainean genituen. Elgetara ere joan behar bisita egitera eta igandean, San Martzial. Urteroko legez, goizean goizetik zelaiak bete genituen egunak eskaintzen digun ospakizun eta jai giroan murgiltzeko; betiko tradizioek arrakasta izaten jarraitzen dute, eta horrela jarrai dezatela. Gutxi ez eta dagoeneko Antzuolarrak ate joka, mairu eta guzti eurak be jai giroan hasteko gogoz.

 San Martinak bitartean, makina bat plazatan arituko gara. Milaka arrazoi daude, aurki itzazue,  jai giroan murgildu eta zentsuz zein errespetuz arituz, ondo pasatzeko, eta suerte pixka batekin, ligatzeko ere!

Lortutako egoera politikoa ere ospatzeko arrazoia da, baina oraindik asko daukagu egiteko. Bizitzeko lan egin, edo lan egiteko bizi? Konplexua, nor berak pentsa dezala, nik behintzat, argi daukat. Gogor lan egin dutelako, uda borobil bat opa diet Aitor Mendizabal eta Mikel Aristiri, Donostia 2016ko taldeari eta nola ez, Bergarako Orkestra Sinfonikoari.

Oporren bueltan izango gara, uda borobil bat izan dezazuela. Ez ahaztu, disfrutatu, milaka arrazoi daude eta!